Doakoak eta unibertsalak diren bi zerbitzu eskaintzen ditugu, Gipuzkoan bizi diren pertsonei zuzentzen direnak. Hauen bidez, herritarren osasun emozionala hobetzeko gure alea jarri nahi dugu. Gainera, kasu batzuetan, egoera arriskutsuak, gizarte-bazterketa eragin dezaketenak edo jokabide suizidak prebenitzeko lan egiten dugu.
Gure lan egiteko modua
Laguntza-harremanaren eredua baliatzen dugu jarduteko, zeinak bere baitan hartzen dituen presentzia, komunikazio zuzen eta zintzoa, enpatia, laguntza sufrimenduan, arazoak erraztea eta sostengua. Azken finean, pertsonen zaintzarako funtsezko kontuak. Pertsonengan jartzen dugu begirada, gizakia osatzen duten alderdi guztietan (fisikoa, ekonomikoa, soziala, psikologikoa eta espirituala), eta aztertzen dugu nolako eragina duen pertsonaren gatazka edo arazoak alderdi guzti horietan (begirada holistikoa).
Pertsonen gaineko ikuspegi humanista dugu oinarri; horregatik, pertsonen gaitasunetan sinesten dugu, hala hazteko nola norberaren gatazkei era positiboan aurre egiteko.
Gabeziei aurre egiteko, beraz, pertsonen ahalmenak jartzen ditugu erdigunean, aldaketarako motor gisa edo nork bere buruari eusteko tresna gisa.
Uste dugu benetako aldaketa, denboran zehar iraungo duena, pertsonaren barrutik bultzatutakoa dela, eta ez kanpotik.
Entzuteko espazio intimo, anonimo eta konfidentzial bat bat eskaintzen dugu, non pertsona bakoitza entzuna eta ulertua sentituko den. Sufriarazten duen hori partekatzeko aukera emango diogu eta, elkarrizketaren bidez, batera bilatzen dugu eman beharreko hurrengo pausoa.
Saretuta egiten dugu lan, bakardade ez desiratuen arazoa Gipuzkoa mailan lantzeko, beste erakunde batzuekin dauzkagun elkarlan hitzarmenen bidez (Adinkide, Hurkoa, Farmazien Elkargo Ofiziala), prebentzio eta ikerketa proiektuen bidez, zein gure ezagutza eta esperientziak partekatuz, arazo sozial hau lantzen duten plan eta estrategiak garatzerako garaian. Honen adibide dira “HARIAK, bakardadeei aurre egiteko Gipuzkoako estrategia” garapena eta bertan jasotako konpromisoak barneratzea.